Kipu

Kipua (kitxuaz, khipu edo kipu; gaztelaniaz, quipu) Hego Ameriketako Andeen eskualdean kontuak egiteko eta gertaerak adierazteko erabiltzen zituzten lokarri korapilodunen multzoa da. Batez ere Inka Inperioan datu estatistikoak (zergak, errolda, uztak) gorde eta igortzeko baliatzen zituzten[1].
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Khipu hitzak (/ˈkʰipu/ ahoskatuta) «korapilo» esan nahi du Cuscoko kitxuaz. Kh letrek k hasperendua irudikatzen dute. Kitxuaren dialekto gehienetan kipu esaten da, hasperendu gabea.
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Llama edo alpaka artilezko lokarri txirikordatu koloredunak ziren. Kotoizkoak ere baziren. Lokarri horiek zenbakizko edo bestelako balioak zituzten kodetuak, korapiloak erabiliz. Kipuak zenbat lokarri zituen, lokarrien luze-laburrak, koloreak, zenbat korapilo, eta korapilo horien kokaguneak eta bihurrikadurak gauza desberdinak adierazten zituzten; koloreek gauzak, eta korapiloek zenbakiak adierazten zituzten. Kipuek hari gutxi batzuetatik 200era izan zezaketen. Kipua interpretatzeko prestakuntza berezia zuten adituak (quippucamayoc) izaten ziren.
Froga arkeologikoen arabera, kipuen antzeko sistema erabili izan da Andeetako eskualdean K.a. 3000 ingurutik. Baina garrantzi paregabea hartu zuten Inka Inperioko lau lurraldeak (Tahuantinsuyu) administratzeko moduan, batez ere 1450etik 1532ra. Espainiar Inperioak eskualdea konkistatu zuenean, kipuen erabilera guztiz ahuldu zen, europar idazketa sistemak ordezkatua. Hala ere, herrixka askotan kipuek garrantzia izaten segitu zuten, baina erabilera erritualarekin eta ez datuak jasotzeko sistema gisa.
Egun, kipuen esanahia ez da guztiz ezaguna, jatorrizko erabilera galdu baitzen. Nolanahi ere, adituen arabera, soken koloreek sailak edo gauzak adierazten dituzte eta korapiloek, kopuruak, zeroa barne.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Neuman, William: Untangling an Accounting Tool and an Ancient Incan Mystery, New York Times, nytimes.com
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Quipu: A Modern Mystery, sfu.ca
- (Ingelesez) The Khipu Database Project, Harvard, khipukamayuq.fas.harvard.edu (irudiak, agiriak, erreferentziak, ikerketak etab.)