Ghostbusters
Ghostbusters (euskaraz Mamu-Ehiztariak), 1984ko Ivan Reitman estatubatuarrak zuzendutako komedia fiilm bat da. Bill Murray, Dan Aykroyd, Sigourney Weaver, Harold Ramis, Ernie Hudson eta Rick Moranis aktoreek antzeztu zuten. Gidoia Dan Aykroyd eta Rick Moranisek idatzi zuten. Soinu banda Elmer Bernstein musikagileak ondu zuen eta Ray Parker, Jr. musikariaren Ghostbusters kanta filmaren ikur eta doinu ospetsu bilakatu zen.
Mundu osoan berehalako arrakasta itzela izan zuen, diru etekin handiak lortu eta zinemaren historiako komedia ospetsuenen artean sailkatu zen; horren ondoren, Ghostbusters II (1989), Ghostbusters III (2016), Ghostbusters: Afterlife eta Ghostbusters: Frozen Empire (2024) jarraipenak egin ziren. Bestalde, The Real Ghostbusters eta Extreme Ghostbusters izeneko marrazki bizidun telesailak ere moldatu izan dira.
Argumentua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Peter Venkman (Bill Murray), Ray Stantz (Dan Aykroyd) eta Egon Spengler (Harold Ramis) hirukotearen ikerketa eta jokamolde xelebreen ondorioz, New York hiriko Columbiako Unibertsitatetik kaleratutako hiru parapsikologo dira. Halere, etsi beharrean, mamu-harrapari negozioa ireki eta punta-puntako teknologia erabiliz naturaz gaindiko fenomenoak ikertu eta ektoplasma adierazpenak atzemanteari ekiten diote. Hainbat kasu gorabehera batzuekin arrakastaz konpondu ondoren, telebistan agertu eta hirian ospea bereganatu ondoren, Janine Muntz (Annie Potts) idazkari arduragabea eta Winston Zeddemore (Ernie Hudson) mamu-harrapari laguntzaileak kontratatu dituzte.
Lehenbiziko bezeroa Dana Barret (Sigourney Weaver) da: txelojole horrek bere etxebizitzan ustezko naturaz gaindiko ikuskapen bitxia izan ondoren mamu-harrapariak arazoa konpon dezaten kontratatu ditu. Laster, Peter berataz maitemindu da. Bai Dana nahiz bai haren biziliagun xelebre Louis Tulley (Rick Moranis) deabrutu eta haien eraikina (55 Central Park West) beste mundu batetik datorren izaki suntsitzaile baten atari modukoa bilakatu da.
Mamu-harrapariek eraikina arkitektu okultismo zale batek beste dimentsio baterako sarbide gisa eraiki zuela jakin dute: hango zaindariak Giltzen Zaindaria (Tulley) eta Atearen Zaindaria (Barret) dira. Venkmanen arerio eta udal osasun saileko Walter Peck (William Atherton) funtzionarioak mamu-biltegiko argindarra eten ondoren, haiek ehizatutako mamu guztiak hirian barna ihes egiten dute.
Azkenik, Mamu-harrapariek Gozer izakia garaitu eta Dana, Louis eta New York hiria salbatzea lortu dute. Azkenean, esker oneko hiritar guztien txalo zaparrada eta animo oihuen artean bukatzen da filma.
Aktoreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bill Murray: Peter Venkman
- Dan Aykroyd: Ray Stantz
- Harold Ramis: Egon Spengler
- Ernie Hudson: Winston Zeddemore
- Annie Potts: Janine Melnitz
- Rick Moranis: Louis Tully
- Sigourney Weaver: Dana Barrett
- William Atherton: Walter Penn
Bestelakoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- David Margulies: Lenny Clotch, New Yorkeko alkatea
- Michael Ensign: Sedgewick Hoteleko zuzendaria
- Slavitza Jovan: Gozer jainko-jainkosa
- Paddi Edwards: Gozerren ahotsa
- Ruth Hale Oliver: Liburutegiko mamua
- Alice Drummond: Liburuzaina
- Jennifer Runyon eta Steven Tash: Peterren proba psikologikoaren bolondresak
- Timothy Carhart: Biolinista
- Reginald VelJohnson: Zuzenketa arduraduna
- Kymberly Herrin: Rayren ametseko emakumezko mamu erakargarria
- Roger Grimsby, Larry King, Joe Franklin eta Casey Kasem: Beren buruak antzeztuz (kamerak)
- Kasem: Ahotsa
- Jean Kasem: Louisen festako gonbidatu garaia
- Debbie Gibson
- Ron Jeremy: Jendetzaren artean estra gisa
Bitxikeriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Istorioaren jatorria Dan Aykroyden obsesioan datza. Bere familia belaunaldiz-belaunaldi espiritismoan jardun zuen, haren birraitonatik hasi eta aitaraino, hortaz espiritismo ekitaldiez inguraturik hazi eta lilura hori komediaren mundura eraman nahi izan zuen.
- Aykroydek idatzitako lehen gidoia erabateko ezinezko erokeria bat zen. Etorkizunean girotua, dimentsioen artean bidaiatuz eta munstruo erraldoien etengabeko erasoekin, garaiko 300 milioi dolarreko aurrekontu itzela behar zuen.
- Ivan Reitmanek lehen gidoia irakurri eta Aykroyderi burutzea ezinezkoa zela esan zion, istorioa moldatzea beharrezkoa zela. Reitmanek gidoia berridazteko Harold Ramis ekartzea iradoki zuen, bai eta filma garaiko New York hirian girotu eta protagonistak langile arruntak izatea.
- Jatorrizko aktoreak ere bestelakoak izan behar ziren: Peter Venkman pertsonaia John Belushi aktoreak antzeztu zezan pentsatzen idatzia izan zen, Aykroyden lagun handiena zena, baina haren 1982ko ustekabeko heriotzak talde protagonistaren jatorrizko dinamika erabat aldatzera derrigortu zuen.
- Bill Murray karismatikoak Belushi ordezkatzea onartu zuen, baina bere ustekabeko portaerarengatik ospetsua zen. Ekoizleak ez zuten filmean benetan parte hartuko zuenaren ziurtasunik izan, azkenean New Yorkeko grabazioan bere lehen eszena antzeztera agertu zen arte.
- John Candy eta Eddie Murphy aktoreek Louis Tully eta Winston Zeddemore pertsonaiak antzeztu behar zituzten, baina biek egutegi arazoengatik eta sormen ikuspuntu ezberdinak dituztenez filmean antzezteari uko egin zioten, horrek Rick Moranis eta Ernie Hudson aktoreei bidea eman zien.
- Errodajea bapateko antzezpenez betea dago. Bill Murrayren esaldi mitikoak ez zeuden gidoian, berak unean bertan asmatuak ziren. Reitmanek kamara martxan utzi eta umorista handi honen jenialitatearen bapatekotasuna grabatu besterik ez zuen egin.
- Ecto-1 autoa oso siniestroa izan behar zen, jatorriz 1959ko Cadillac anbulantzia beltza eta argi estroboskopikoak zituen, baina argazkilaritza zuzendariak gaueko eszenetan batere ikusten ez zela jabetu eta horrela zuriz margotzen erabaki zuten.
- Filmean agertzen den etxeorratza New York hiriko Central Parken alboko 55 Central Park West eraikina da: harez geroztik, Ghostbusters eraikina ezizena du.
- Mukitsu mamu berde higuingarria John Belushi aktorearen omenez sortu zuten. Aykroyd eta Ramisek efektu berezien arduradunei mamuak konpultsiboki mugitu eta jan behar zuela adierazi zien, beren lagun zenduak bezala.
- Stay Puft malba-gozokizko panpin erraldoia benetako mozorro jantzia zen, hain benetazkoa, malba-gozoki urtua simulatzen zuen bizarra mozteko aparrak aktore baten gainera erori eta jantziak su hartu zuela. Zorionez, inor ez zen istripu arriskutsu eta ero hartan zauriturik suertatu.
- Lege arazo larria ere izan zuten, "Ghost Busters" izendapena 1970eko hamarkadako telebista saio baten jabetzakoak baitzen, beraz, abokatuek etsi-etsian negoziatzen zuten bitartean, badaezpada filmaren eszena alternatiboak "Ghost Stoppers" izendapenaz grabatu zituzten, arazoa epaiketan amaituz gero.
- “Gauerdiz soinu arraroak? Zure soto edo ganberari beldur al diozu? Espektro edo mamuren bat ikusi al duzu? Erantzuna "bai" bada, profesionaloi deitu”, hauxe izan zen zinemaren industria irauli zuen marketing kanpainia bikaina.
- 1984ko "Ghostbusters" filmaren estreinatzea baina sei aste lehenago, hiru aktore nagusiek telebistako iragarki batean benetako hiru mamu-ehiztari antzeztu zituzten, jende guztiari beren mamuak ehizatzeko zerbitzu profesionala eskeiniz.
- Jendeak iragarkiko telefono zenbakira deitzean, Murray eta Aykroyden grabazioa honakoa esanez entzun zitekeen: “Mamuak ehizatzeko gaude eta ezin zaitugu artatu, baina mesedez zure mezua utzi eta deituko zaitugu”. Emaitza harrigarria izan zen: egunero milaka dei jaso zituzten.
- Justu filma estreinatu aurretik, Aykroyd eta Ramisek ideia distiratsua eta bikaina izan zuten. Mamu debekatuaren seinalearen milaka pegatina egin eta beraiek pertsonalki New Yorkeko kale, farola eta metroaren geltokietan itsatsi zituzten.
- Kale saltzaileei ideia hori asko gustatu zitzaien, beraz, Ghostbusters filmaren sinbolo bitxi hura zuten kamiseta, beroki eta artikulu ugari modu piratan saltzen hasi ziren, zeri buruzkoa zen edo film bat sustatzen ari zirela ongi jakin gabe.
Saila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ghostbusters II (1989)
- Ghostbusters (2016)
- Ghostbusters: Afterlife (2021)
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ghostbusters filmaren iragarkia ikusgai (Ingelesez)
- Ray Parker Jr musikariaren Ghostbusters abestiaren bideoklipa ikusgai eta entzungai (Ingelesez)
- Ghostbusters filmaren webgunea (Ingelesez)
- Ghostbusters filmaren IMDBko fitxa irakurgai (Ingelesez)
- 1984ko filmak
- Ivan Reitmanek zuzendutako filmak
- Dan Aykroydek idatzitako filmak
- Harold Ramisek idatzitako filmak
- Bill Murrayk antzeztutako filmak
- Sigourney Weaverrek antzeztutako filmak
- Rick Moranisek antzeztutako filmak
- Dan Aykroydek antzeztutako filmak
- Harold Ramisek antzeztutako filmak
- Ernie Hudsonek antzeztutako filmak
- Annie Pottsek antzeztutako filmak
- William Athertonek antzeztutako filmak
- David Marguliesek antzeztutako filmak
- Alice Drummondek antzeztutako filmak
- Larry Kingek antzeztutako filmak
- Michael Ensignek antzeztutako filmak
- Reginald VelJohnsonek antzeztutako filmak
- Timothy Carhartek antzeztutako filmak
- Kymberly Herrinek antzeztutako filmak
- Ivan Reitmanek ekoitzitako filmak
- Columbia Picturesek ekoitzitako filmak
- Ghostbusters
- Ameriketako Estatu Batuetako filmak
- Gogoaren kontrolari buruzko filmak
- Liburutegietan girotutako filmak
- Hoteletan girotutako filmak
- New Yorken girotutako filmak
- 1984an girotutako filmak
- Elmer Bernsteinen soinu bandadun filmak
- Kultuzko filmak